Domingo, 24 de Noviembre 2024
Cabo de Gata Center. Hostal Diego's
Pais Vasco PNV Titulo: Luna menguante. Texto: Gasteiztik bueltan, ilargia dugu bidelagun. Ia bete-bete agertzen zaigu, ilbetea duela bi gau izan genuela esan didate. Kanpainaren erdia igaro dugularik, igandean hautestontziekin dugun hitzorduarekin amaituko den hauteskunde rallye honen azken egunetan gaude. Atzera kontua hasi da jada, ilargiarekin gertatzen den bezala. Hori bai, momentuz gaur gauekoa bezain une ikusgarriak gozatuko ditugu. Eguna, txirringaz ibiltzen hasi nintzen, Abandoibarran egin genuen ibilaldiarekin. Beno, Abandoibarratik harago, Zorrotzaraino heldu ginelako.. Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko ekitaldia izan da, guk behin eta berriz aldarrikatuko dugun eskubidea. Beste nazioek berea baldin badute, zergatik ez dugu guk izan behar? Talde polita batu gara: Aitor, Ruth, José Mari, Maitane, Sabin… Herri Torrontegi, Txefe Guerrero eta Koldo Fernández de Larrea ere izan ditugu ondoan. Virginia Berasategi, azken ebakuntzatik errekuperatzeko aldian dagoelarik, makuluekin etorri zaigu bere laguntasun eta babesa eskaintzera. Ez da kasualitatea maratoiak eta iron man lehiaketak irabaztea; miresgarriak benetan etengabe erakusten dituen ekimena eta indarra. Gero, Berastegi kalera hurbildu naiz, bertan San Martin merkatua ospatzen zelako. Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin elkartu naiz bertan, eta erosketa batzuk egin ditut. Mungiako patea eta Berriatuko txokolatea almendrekin. Aitortu beharra daukat, gozozale ikaragarria naiz; txokolatea dut galbide. Eta, zenbat eta beltzago, orduan eta gozoago. %75eko kakaoa zuena ikusi dudan arren, % 50ekoa hartu dut. Bikaina niretzat. Azokan geundela ere, loreak saltzen zituen emakumea bere laguntasun eta babesa adieraztera hurbildu zaigu, eta duintasun bikaina erakutsi du; bere alabak bizi duen egoera latzaren berri eman digu, langabezian dago eta hipotekari aurre egiterik ez dionez, etxea galtzeko arriskuan dago. Errealitate gordina dugu edonon, eta honelakoa moduko kasuek eraman behar gaituzte ahalegin handiagoa egitera, holako kasuak berriro gerta ez daitezen. Eta arratsaldean, Gasteizera. Hau bai euskal Siberia!. Bizkaia jantziaz heldu gara eta , jakina! Graduek beherakada egin dute. Mitina baino lehen, foruen defendatzaile sutsua izan zen Mateo Benigno de Morazaren oroimenean dagoen estatua bisitatu dugu. Gure aurrekoak ez ditugu sekula ahaztu behar. Bihar arte!